Prentsa oharra 2022ko urriaren 26a

«Demokraziaren etorkizuna aro digitalak ekartzen dizkigun erronkei aurre egiteko ahalmenari lotuta dago»

  • Europako Alderdi Demokratak (PDE-EDP) antolatutako jardunaldian, arlo horretako adituek eta profesionalek nabarmendu dute, besteak beste, «alderdi aurrerakoiek adi egon behar dutela Citizen Relationship Management (CRM) delakoaren iraultzarekin, iraultza hori gu gabe gertatzen bada, gure demokraziari gerta dakiokeen okerrena izango litzatekelako.
Daniel Innerarity, Itxaso Atutxa, Rafael Suso, Andrzej Potocki, Mireia Zarate, Carmen Beatriz Fernández, Andoni Ortuzar, Irune Zuluaga  eta Iker Merodio. Daniel Innerarity, Itxaso Atutxa, Rafael Suso, Andrzej Potocki, Mireia Zarate, Carmen Beatriz Fernández, Andoni Ortuzar, Irune Zuluaga eta Iker Merodio.

Politika zientzien, gobernantzaren, gizarte-mugimenduen eta digitalizazioaren iniguruko adituek demokraziaren etorkizuna aztertu dute gaur Sabino Arana Fundazioan, Europako Alderdi Demokratak (PDE-EDP) antolatutako jardunaldi batean.

Jardunaldiaren atarikoan, Andoni Ortuzar PDE-EDPko presidenteorde exekutibo eta EAJ-PNV alderdiaren Euzkadi Buru Batzarreko buruak «kezkagarritzat» jotako datu bat aipaturik hasi du hitzaldia. Ortuzarren esanetan, «Goteborgeko Unibertsitatearen 2022ko txostenak dioenez, diktadura-erregimenen hedapena zabalduz doa eta munduko biztanleriaren % 70i eragiten die; demokrazia liberalak, berriz, azken 25 urteotako egoerarik apalenean daude eta erabat demokratikotzat hartutako 34 herrialdetan baino ez dira nagusi, hots, munduko biztanleriaren % 13 besterik ez dute barruratzen»

Buruzagi jeltzaleak azaldu duenez, Mendebaldeko gizartea «aldaketa sozial handiak izaten ari da azken urteotan, eta horrek harridura eta ezinegona sortzen du jende askorengan, euren bizitzaren eta beharrizanen gaineko kontrola galtzen ari direla pentsatzen dutelako, eta, bidez batez, alderdi eta erakunde tradizionalok, euren ustez, halakoei erantzun egokirik ematen ez diegulako».

Ortuzarren iritziz, «pertsona asko nozitzen ari diren tentsio horren arrazoiak hainbat dira:  ziurgabetasun ekonomikoa, segurtasun falta, “bestearekiko” beldurra, immigrazioaren ondorioak, gero eta norberekoikeria handiagoa, desparekotasunen gorakada eta gizarte-bazterketaren ziozko arriskua». Egoera hori lehengora ekartzeko, PDE-EDPko presidenteordeak «demokrazia indartzearen alde egin du. Gizarte irekiak, bidezkoak eta barneratzaileak eraikitzen ahalegindu behar dugu, gizon eta emakume bakoitza, herritar bakoitza, baldintza eta aukera berdinetan, etorkizun kolektiboaren protagonista izan dadin. Humanismo integratzaile batetik, funtsezkoa da komunitate-sena (ez, ordea, buruzalekeria), gizarte-kohesioa eta lankidetza sustatu eta zaindu behar dira, eta, bestetik, desberdintasunei aurre egin behar diegu, bai eta diskriminazio mota orori ere.

Ortuzarrek ondorio gisa adierazi duenez, «erakunde guztiok aritu behar dira demokraziaren aldeko borroka horretan. Toki-erakundeetatik hasita, kide askotako erakundeetaraino. Izan ere, erakunde bakoitzak eginkizun jakin batzuk ditu, baina funtsezkoa da erakunde aldeaniztunen sistema indartzea. Eskualde eta kontinenteen arteko itunen sistema aldeaniztun hori funtsezkoa da bakea eta nazioen zein herritarren arteko lankidetza sustatzeko, bai eta erronka globalei modu koordinatu eta eraginkorrean erantzuteko ere, hala nola klima-aldaketari, nazioarteko terrorismoari edo hornidura-kateei, horiek guztiek muga eta kontinenteak gainditzen baitituzte. Eta munduko lankidetzaren esparru horretan, Europako subiranotasuna indartzea funtsezkoa da gure balio demokratikoak defendatzeko, bai eta Europaren eta europarren oparotasuna eta ongizatea bermatzeko ere».

Beste alde batetik, Sabino Arana Fundazioaren presidente Mireia Zaratek adierazi duenez, Europako hauteskundeetan izandako parte-hartzeak eta emaitzek agerian uzten dute «nolabaiteko higadura sumatzen dela sistema demokratikoak errealitatea eraldatzen daukan ahalmenaren inguruko konfiantzan», eta, era berean, badirudiela «azken hamarkadetan bizikidetza ardaztu duten alderdi eta erakunde tradizionalek babesa galdu dutela».

Erresuma Batuan argitaratutako inkesta batean oinarrituta, Zaratek azpimarratu du «gazteak badirela eszeptikoenak demokraziaren eraginkortasunari doakionez» eta ondokoak aipatu ditu desafekzio horren arrazoitzat: «gazteek sistemaren aurrean duten  frustrazio-sentimendua, sistemak prekarietate ekonomikora eta familiaren mendekotasunera bultzatzen dituelako».

Era berean, Sabino Arana Fundazioaren presidenteak nabarmendu du «gazteak hazten eta garatzen ari diren unibertso digitalak demokraziarekiko konfiantza indartzen laguntzen ez duen arren, informazio-, hezkuntza- eta komunikazio-ahalmen ikaragarria ere baduela, eta horri ezin diogula uko egin, gure bizitza nabarmen eraldatu eta aukera-leiho ugari zabaldu baitizkigu».

Mintegiaren hasieran, era telematikoan, Sandro Gozi PDE-EDP alderdiaren idazkari nagusi eta eurodiputatuak; Stéphane Séjourné Europako Parlamentuko Renew Europe taldeko presidenteak; eta Sylvain Waserman Frantziako Asanblea Nazionaleko presidenteorde ohi eta Europako Parlamentuko kide ohiak parte hartu dute. Europako ordezkarien gogoetetan, batzuk nabarmendu behar ditugu, hala nola «gurea lako alderdiek, aurrerakoiek, balio demokratikoei eta balio humanistei atxikitakoek, hausnarketa horren abangoardian egon behar dutela, bestela, Citizen Relationship Management (CRM) delako horri lotutako iraultza gu barik gertatuko baita, eta horixe litzateke, inolako zalantzarik gabe, gure demokraziari gerta lekiokeen okerrena».

Era berean, adierazi dute «tresna teknologiko horiek guztiek egiatan nahi dugun gizarte demokratikoa eraikitzeko aukera ematen digutela, hots, herritarrek parte hartuz aintzat hartzeko, jakina denez, erabaki publikoak hartzeko prozedura errespetatzeko eta betiere herritarrek ematen diguten baterako eraikuntzaren balio erantsiz elikatzeko gizarte demokratikoa».

Irune Zuluaga legebiltzarkide eta Eurobasqueko presidentearen gidaritzapean, honako hauek parte hartu dute ondoz ondo: Daniel Innerarity, Filosofia Politikoko katedraduna, Gobernantza Demokratikoaren Institutuko zuzendaria eta Florentziako Europar Unibertsitate Institutuko irakaslea; Miquel Urmeneta, kazetaria, unibertsitateko irakaslea eta komunikazio-aholkularia; Rafa Suso, estrategia, komunikazio eta enpresen branding arloetako aholkularia; Carmen Beatriz Fernández, doktorea eta DataStrategia Consultores konpainiaren presidentea; eta Andrzej Potocki, poloniar politikaria, kazetaria eta historialaria eta PDE-EDP alderdiaren presidenteordea.

Iker Merodiok, ingurune digitaletan espezializatutako kazetariak, hizlariek azaldutako hausnarketak laburbildu ditu ondorio gisa.

Hala, mintegiaren arrakastaren erakusgarri, esan du hizlari guztiek zuzenean ekin diotela jorratu nahi izan den gai nagusiari hitzaldiaren lehen unetik bertatik. Ildo horretan, Mireia Zaratek azpimarratu du muturreko indarrek zentroko alderdien edo alderdi moderatuen lekua murrizten dutela.

Andoni Ortuzarrek kopuruak azaldu ditu: «Goteborgeko Unibertsitatearen aurtengo txosten baten arabera, diktadura-erregimenen hedapena zabalduz doa eta munduko biztanleriaren % 70i eragiten diote; demokrazia liberalak, berriz, erabat demokratikotzat hartutako 34 herrialdetan baino ez dira nagusi, hots, munduko biztanleriaren % 13 besterik ez dute barruratzen»

Eta egungo egoera ere mahai gainera ekarri du: harrigarria bada ere, demokrazia indartzea da Europak gaur egun duen erronka garrantzitsuenetako bat. Demokraziaren aldeko «borroka» horri erakunde guztiek heldu behar diote aliantzak baliatuz, klima-aldaketa, nazioarteko terrorismoa edo lehengaien hornidura mugak gainditzen dituzten arazo globalak direlako.

Andrzej Potockik iradoki du, Ekialdeko Europan, autokraziarako joera hori teknologiaren zabalkunde izugarriaren aurrekoa dela, eta, izan ere, gaur egun, kontinente zaharrean, egoera hori ez dela hain arrotza. Izan ere, populismoa subiranotasunaren inguruan egituratzen da, Batasunaren aurkako gaitzespen gisa ulertuta.

Carmen Beatriz Fernandezek azaldu duenez, Latinoamerikan hazten joan da hauteskundeei eta parlamentuei men egin beharrik ez dien buruzagi indartsu baten aldeko eskaria. Gertaera populista da, jakina denez. Eta populismo hori komunikazio politikoa lantzeko aukera gisa baliatzen da.

Horren haritik, Rafa Susok adierazi du geografiak garrantzia galdu duela teknologiaren erruz, eta horrek, bide batez, geografiari lotutako estatu-nazioa zalantza jartzea ekarri duela.

Stéphane Séjourné eztabaida demokratikoen tradizioari eman zaion zartadaz mintzatu da.

ZERGATIK?

Sandro Gozik gauza biziki interesgarria esan digu: herritarrak berehalakotasunera ohitu dira, eta hori ez da inola ere ezkontzen demokraziaren funtzionamendu motelarekin.

Eta beste erronka handi bat iradoki du: erabakiak hartzeko prozesuak eraginkorragoak izan behar direla uste du.

Daniel Innerarityk politikan jarduteko irakasbidea eman digu, baita bizitzan jarduteko ere: ondo egiten duen politikaria arazoa ondo antzematen duena da.

Eta Stéphane Séjournék erantzuna eman dio: gaurko jardunaldiaren eta gure garaiko demokraziaren gakoetako bat hauxe da: harremanak izateko modua aldatzen ari da;  beraz, politika egiteko moduak ere aldatu behar du.

Ezin dugu ahaztu Miquel Urmenetak adierazi digun zerbait: polarizazioa gertakari konplexua da, eta, batzuetan, benetan dagoen polarizazioa baino handiagoa ere hauteman daiteke. Polarizazio politikoak ez du zertan ekarri gizarte-polarizaziorik. Carmen Beatriz Fernándezek ere horixe azpimarratu du.

Bestalde, Potockik iradokidu du demokraziak herritar arduratsuak behar dituela. Eta desinformazioa arriskutsua izan daiteke, jendea ez baita jabetzen populismoak proposatzen duenaren ondorioez.

Mireia Zaratek gazteria aipatu du beren-berengi, gero eta eszeptikoagoa baita eta asegabetasunetik datorren desafekzioa erakusten baitu: ez dute etorkizun egonkorrik igartzen.

POLITIKA

Carmen Beatriz Fernándezek adierazi du «ziberpolitika» 2017an agertu zela lehenengoz, eta horrek «ziberezkortasuna» eta konfiantzaren galera sorrarazi zituela. Eta horrekin batera, populismoaren gorakada etorri zen. Hala ere, gertakari bi horien arteko harremana zorizkoagoa izan daiteke zergatizkoa baino: zenbat eta ziberpolitika gehiago, orduan eta demokraziaren kalitate handiagoa. Esan barik doa aukera bat izan daitekeela kazetaritza zintzoa sustatzen badu, konfiantza areagotzen badu eta harreman osasungarriak sortzen baditu. Horrek guztiak, hain zuzen ere, populismoa indargabetuko luke.

Daniel Innerarityk gogorarazi digu gaur egungo teknologiak ahalbidetzen duen datu-bilketari esker, agintariek benetan nahi duguna (ez nahi genukeena uste duguna) erregistra dezaketela eta guri eman. Eta erraza da pentsatzea jardunbide hori ondo dagoela eta ideologizatutako alderdien eredua ordezka dezakeela.

Eta, hala berean, gogorarazi digu prozesu politikoaren alderdirik politikoena, hain zuzen ere, helburuak zehaztea dela: zeren zerbitzuko jartzen dugu teknologia hori guztia?

Rafa Susok oso datu garrantzitsua eskaini du: «Big Four» direlakoak ez dira handiak alderdi ekonomikotik ikusita bakarrik, beste inork baino datu gehiago dituzte, AEBetako gobernu federalak berak baino gehiago.

Hala eta guztiz ere, sare sozialak eraginkorrak dira kontzientziak pizteko eta mugimendua sortzeko, baina ez dago egiaztatuta boto-asmoan eragin zuzenik dutenik.

Potockik berretsi diguez dagoela negoziaziorik oinarrizko gauzetan: berdintasunean, askatasunean…

GOBERNANTZA

Andoni Ortuzarrek azaldu digu herritarrek etorkizun kolektiboaren protagonista sentitu behar dutela euren burua. Eta garrantzitsua dela komunitate-sena indartzea. Horrek erakundeak indartuko ditu eta populismoa ahulduko.

Horri Doakionez, Sylvain Wasermanek Citizen Relationship Management delakoaz hitz egin du, hau da, erakundeekiko gizarte-harremanez.

Eta harreman berri horri lotuta, arrisku baten berri ere eman du: «demokrazia digitalaren» gaiek demokrazia bera kaltetu dezakete.

Guztiaz ere, bada aukerarik, herritarren inplikazioarena: herritarrek baduten kexatzeko gaitasuna ikuspegi humanistatik hurbilen dauden alderdiek kudeatu behar dute, harreman-mota hori beste alderdi batzuek kudea ez dezaten.

HEDABIDEAK

Rafa Susok argi utzi digu ez garela behar den eraldaketa digitala ondo egiten ari, aldaketa hori egin behar duten eragileen zati handi bat krisian dagoelako.

Miquel Urmenetak adierazi du broadcast erako komunikazioa oraindik ere nagusi dela aro digitalean. Eta eliteak dira  eremu digital horretatik kanpo egon direnak eta oraindik ere badaudenak, nahiz eta salbuespenik egon.

Lehengo hedabideen eta hedabide berrien arteko tirabiraz denaz bezainbatean, Daniel Innerarityk uste du irtenbidea sare sozialen horizontaltasuna eta hedabide tradizionalen bertikaltasuna ezkontzea dela, beharrezkoak diren analisiak eskaintzen baitituzte, eta horiek hedabideetatik entzuleei bakarrik eskain dakizkieke, elkarrizketarik gabe.

Rafa Susok ideia hori azpimarratu du: hedabideoi analisirako esparrua geratzen zaigu.

Ohartarazi digu, halaber, entzuleek alde batera uzten dituela erritmoari jarraitzeko gai ez diren bitartekoak.

Nolanahi ere, Sandro Gozik aipatu du hedabideak, berriak zein zaharrak izan, ez direla arrisku bakarrak: eskuin muturrak prozesu demokratikoetan eragin zuzena duten alderdiak finantzatzen ditu.

«Herritarren parte-hartzea handitzen duten sareek estatuaren subiranotasuna ere ahultzen dute. Aukera ekonomikoak sortzen dituzten, bizi-kalitatea hobetzen duten eta parte-hartze politikoa handitzen duten sare horiek beraiek nazioaren egonkortasunaren aurkako eraso bortitzetan erabiltzen diren antolaketa- eta kudeaketa-tresnak ere eskaintzen dituzte (Tom Wheeler, Barack Obamaren gobernuko aholkularia).