Prentsa oharra 2022ko urriaren 14a

«Gizarte-ongizatea sistemen eta sektoreen arteko lankidetzaren emaitza da»

  • Gizarte Politiken arloko erakundeetako ordezkariek, profesionalek eta eragileek «Ongizatearen etorkizunekoak» aztertu dituzte gaurko topaldian, EAJ-PNV alderdiaren ‘entzunez eraiki’ entzute aktiboko ekimenaren esparruan.
  • Andoni Ortuzar EAJ-PNV alderdiaren EBBko buruak (Erromatik bideo bidez), Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak; Emilio Sola (Araba), Sergio Murillo (Bizkaia) eta Maite Peña (Gipuzkoa) foru diputatuek, Ana Sofi Telletxea Deustuko Unibertsitateko irakasleak eta Rafael Lopez Arostegi hirugarren sektorearen inguruko adituak parte hartu dute jardunaldian.

EAJ-PNVk alderdiak abian daukan eta Sabino Arana Fundazioak antolatzen laguntzen duen ‘entzunez eraiki’ entzute aktiboko ekimenaren jardunaldien esparruan, beste topaldi bat egin da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, «Ongizatearen etorkizunekoak» jorratzeko.

Gaurko saioan, 80 lagunek baino gehiagok parte hartu dute, besteak beste, erakundeetako ordezkariek, profesionalek eta Gizarte Politikei lotutako beste eragile batzuek eta EAJ-PNV alderdiko barne-kargudunek.

Andoni Ortuzar EAJ-PNV alderdiaren EBBko buruak, bideo bidez −Erroman baitago Europako Alderdi Demokrataren biltzarrean parte hartzen, alderdi horretako presidenteordea da eta− jeltzaleek gizarte-politikak eta pertsonen ongizatea sustatzeko duten konpromiso sendoa azpimarratu du.

«Euskadiren etorkizuna bakarrik uler daiteke euskal herritarrei ongizatea ekartzeko izan dezakegun ahalmenaren ikuspegitik. Ez dugu inoiz konplexurik izan ezkerreko eta eskuineko alderdien dialektika horren bueltan. Gu aurrerakoitzat izan dugu gure burua beti, eta aurrendariak izan gara Espainiako gizarte-politiketan, bai eta, zenbaitetan,  Europakoetan ere, baina ezin dugu izena hartu eta lo egiten hasi, gure herria politika berriez hornitu behar dugulako, bizitzaren kalitatea hobetzeko neurri berriez hornitu behar dugulako», adierazi du.

Euskaraldiaren atarikoan gaudela, Ortuzarrek bat egin du euskal hiztunek garatuko duten gizarte-jarduera horrekin» eta esan du «gaur ahobiziak eta belarriprestak elkartuko zaretela. Lehenengoei, sektoreko adituak zaretenoi, eskatuko nizueke nondik jo behar dugun azaltzeko, hots, Euskadin ongizate-etorkizun hori bermatzeko jarraitu beharreko bidea zein den erakusteko, pairatzen ari garen ziurgabetasun-aroa gorabehera. Eta erakundeetan zaudetenoi, dena entzuteko eta kritikak eta hobekuntza-proposamenak jasotzeko belarriprestak izan zaitezten eskatuko nizueke; izan ere, azken batean, gizarte honen gidari izaten jarraitzeko kemena duen alderdia geroko euskaldunei etorkizunean bakea, aurrerapena eta ongizatea izango dutelako bermea aurkezteko gai izatea da helburua».

Beste alde batetik, Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, ongizatearen eraikuntza partekatua oinarri harturik lan egiteko beharraz mintzatu da. Ildo horretan, adierazi du «gizarte-ongizatea eta norberarena sustatzen dugula, publikoa eta erkidea kudeatuz, pertsonen nahiz familien bizitza-proiektuak ahalbidetzeko eta herritartasun-eskubideak egikaritu daitezen bermatzeko. Eta, horretarako, aukera-berdintasuna eta emaitzen berdintasuna baldintza gisa bultzatzen ditugu egiazko askatasuna eta bizitza bete-betea izan daitezen. Horrek pertsonen haziera dakar alderdi guztiei dagokienez, guztion onarekiko eta ahaidetasunarekiko konpromisoa ere aintzat hartuta, bai eta ahizpatasun handiagoa ere».

Era berean, etorkizuneko erronka handiei gozkiela, zainketak eta gizarteratzea aipatu ditu: «Gizarte-zaintzako eredu berri baten alde lan egiten ari gara, etxean bertan eta bizileku lagunduetan arreta emateko hautabide bideragarriak sustatzen dituen eredu baten alde; Zaintza-eredu horren helburua da adinekoentzako egoitza-zentroek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren gastu publiko arruntean duten pisua % 30etik beherakoa izatea, betiere, kopuru absolutuetan gastua handitzeari utzi gabe. Lanean ari gara egoitza-zentro horiek eraldatzeko, inbertsioak eginez, egoitzen tipologia aniztuz, haien tamaina edo arreta-unitateena murriztuz eta norberaren etxetzat har daitezkeen zentroak prestatuz, besteak beste, etorkizuneko dekretuak duen bezala».

Bestalde, Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak konfinamenduak iraun duen hilabeteetan egindako lan kooperatibo emankorra nabarmendu du, eta «lan horri jarraipena eman zaiola» ziurtatu du.

«Hala, Azken Sarea Indartzen ekimenak erantzun egin zien konfinamenduaren ondorioz diru-sarrerarik gabe geratu zirenei. Gizarte-larrialdietarako laguntzak areagotzea neurri eraginkorra izan zen ustekabeko krisi garaian. Lehen Urratsa delakotik Trapezistak etorri zen, hau da, familia-sarerako modurik ez duten gazteei laguntzeko programa, dagoeneko egiturazkoa, migrazio- eta gazteria-politiketatik abiatuta, ez bazterkeria- edo etxegabetasun-politiketatik abiatuta (Euskarri estrategia). Hilabete zail haietan, lezio bikaina ikasi genuen», nabarmendu du sailburuak.

Ildo horretan, sistemen eta sektoreen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du Artolazabalek. Adierazi duenez, «ez naiz koordinatzeaz ari, ezpada, lankidetzan aritzeaz, elkarlanean jarduteaz, trantsizio-politikak eta erantzun egoki eta integralak eskaintzen dituen gizarte-babeseko ekosistema eraikitzeko».

Amaitzeko, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak «Euskadin, Estatuan eta Europan, maila anitzeko lankidetzazko gobernantza indartzeaz» ere hitz egin du, eta «berrikuntza, jasangarritasuna eta etorkizuna bermatzeko adostasun politikoak eta aberri-mailako adostasunak ehuntzeko behar-beharrezko premia» azpimarratu du.

Eusko Jaurlaritzako sailburuaz gain, Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak «Gizarte-politiken arloko berrikuntzen» gaiari heldu dio. Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatuak, berriz, «Gizarte-politiken eredu instituzionalaren jasangarritasuna» aztertu du. Emilio Sola Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak «Zainketen sistemaren etorkizuna» aletu du. Ana Sofi Telletxeak, Deustuko Unibertsitateko irakasleak, «Gizarteratze-politika aktiboen etorkizuna» aztertu du. Azkenik, Rafael Lopez Arostegi, hirugarren sektorearen inguruko aditua «Gizarte-politiken arloko etorkizuneko erronkak» gaiaren inguruan mintzatu da.