Prentsa oharra 2022ko abenduaren 16a

Daniel Innerarity eta Xabier Aierdi politika eraldatu eta gizarte-politikak indartzearen aldekoak dira, «korapilatzen eta estutzen doan mundu honetan»

“Euskadin gertatu diren eraldaketa handiak” hitzaldi-zikloa: “Eraldaketa gizartean”

Sabino Arana Fundazioak antolatutako «Euskadin gertatu diren eraldaketa handiak» hitzaldi-zikloaren esparruan, Daniel Innerarity Filosofia politikoko katedradun, Gobernantza Demokratikoaren Institutuko zuzendari eta Florentziako Europar Institutuko irakasleak eta Xabier Aierdi Soziologiako doktore, EHUko irakasle emeritu eta Begirune Fundazioko presidenteak «Eraldaketa gizartean» aztertu dute gaur.

Innerarity irakaslearen arabera «egungo politikak gaitasun estrategikoaren ments handia du; gure politikariak administratzaile saiatuak dira eta oso epe laburrean lan egiten dute; ildo horretan, sarritan amore ematen dute zailtasunak etorkizunera eramateko tentazioaren aurrean, hurrengo belaunaldien bizkar utzita». Daniel Innerarityren ustez, «etorkizunaren ahanztura horren funtsezko arrazoia gure sistema politikoen hauteskundeen egitura bera da, bai eta hurrengo hauteskundeek hautetsiak iritzi publikoaren mugimendu azkarrei erantzutera behartzen dituen sistemaren pizgarririk eza ere». Testuinguru horretan, «gaur egun, kontua ez da soilik politikak aldatzeko erabakia hartzea, eta are gutxiago administrazioa aldatzeko beharrari ekitea; benetako autua da pentsatzea eta politika eraldatzea edo dagoeneko joan zaigun mundu batentzat diseinatutako sistemari heltzea, adierazi duenez.

Bestalde, Xabier Aierdi Deustuko Unibertsitateko Soziologiako doktoreak sistema instituzional indartsua aldeztu du, inbertsio burutsua eta gizarte-politiketan ganorazkoa dena egituratzeko.

Aierdik gogorarazi du Euskadik, hainbat arrazoirengatik, diru-sarrerak edo gutxieneko errenta bermatzeko sistema bat ezarri zuela laurogeiko hamarkadaren erdialdean. Soziologoaren aburuz, horrelako babesak ezinbestekoak dira «korapilatzen eta estutzen ari den mundu honetan», eta nabarmendu du «gizartearen kalteberatasuna zenbat eta handiagoa izan, orduan eta sendoagoa izan behar duela erakundeen bultzadak».

Prozesu horren hasieran, ura sartzen hasi zen industria-sisteman, eta, gaur egun, lan-mundu osoan ari da ura sartzen; hala, «enplegutasun ahul baten gainean, ezin da gizarte indartsurik eratu», adierazi du.

Aierdiren iritziz, «elkartasunaren nolabaiteko haustura iragartzen duten zantzu ugari daude egun, eta sakoneko dinamika horren aurrean, inbertsio burutsua eta gizarte-politiketan ganorazkoa dena egin behar da.

«Gainera, elkartasuna oso mugatuta aurkeztu ohi digute, hau da, horren mugak gure muga fisikoak direla pentsatuz, mugek, funtsean, oinarri morala balute bezala. Ikuspegi horiek gainditzea, gizarte-politikak proposatzea eta Euskadik datozen hogeita hamar urteotan izango dituen behar materialak eta biztanleriari dagozkionak oso ondo diagnostikatzea ezinbesteko zeregina da, eta ez du gehiago luzatzea onartzen», esan du amaieran.