Webgune honetan gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu soilik zure bisita optimizatzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago

AZKEN EDIZIOA: 2019 SARIAK

 

Gilles Simeoni

Sabino Arana Fundazioak Gilles Simeoni, Korsikako Kontseilu Exekutiboko burua, aintzatetsi eta saritu nahi du. Kontseilu hori dugu, Frantziako Estatuaren barruan, autonomia politiko eta instituzional zabalagoa erdietsi nahi duen lurraldeko gobernu-organo gorena. Nazionalista izaki, Korsikako naziotasuna aitortzeko eta bere autogobernuan sakontzeko lanean, bide demokratiko eta indarkeriarik gabekoaren isla da Simeoni, horiexek baitira tresna egokienak Korsikaren ongizatea eta garapen politikoa, sozioekonomikoa eta kulturala sustatzeko; esan barik doa Euskal Herria ere guztiz bat datorrela helburu horiekin. Beti adostasuna bilatzen duen gizon hau nazionalismo ireki eta inklusiboaren ikurra da eta, horregatik, Korsikako herri osoaren nahiak eta borroka irudikatzen ditu gaur egun Simeonik.

 

Ternua Group

Sabino Arana Fundazioak Ternua Group, nazioarteko joera eta hedapena duen euskal enpresetako bat, aintzatetsi eta saritu nahi du, moda jasangarrian aitzindaria izan dena eta gizarte- nahiz ingurumen-konpromiso sendoa duena. Ternua Groupek erroak eta sustraiak Euskadin dituen euskal enpresa-eredu jakin bati erantzuten dio, hots, familia-gune txiki batetik abiatuta, enpresa-talde handia eraiki baitu eguneroko lanean eta berrikuntzan sustraituta. Ternua Groupek era berezian islatzen ditu ingurumenarekiko eta elkartasunarekiko begirunearen balioak, hala nola baliabide naturalak aurrezten eta isurpen kaltegarriak nahiz hondakinen bolumena murrizten dituzten ehun birziklatu eta berriztagarrien alde eginez, edo Pakistango Hushe deritzon eskualdeko   emakumeen aukera-berdintasuna kirolaren bidez bermatuz, izen bereko proiektuarekin bat eginda.

 

Naizen

Sabino Arana Fundazioak Naizen elkartea aintzatetsi eta saritu nahi du, elkarteak sexu-aniztasun inklusiboarekin duen konpromisoagatik; Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako adingabe transexualen eta haien familien egoera ikusarazteagatik; eta haien eskubideak aldarrikatzeagatik; zehatzago esanda, fundazioak Naizen elkarteari aitorpena egin nahi dio elkartasunaren, inklusioaren eta genero-identitatearen errespetuari atxikitako balio demokratikoak sustatzeagatik, aipaturiko kolektiboaren benetako berdintasuna bultzatzeko helburuz. Aniztasuna giza generoaren ezaugarria izan da eta bada, eta sexu-aniztasuna giza aniztasun horren erakusle eta berezko isla besterik ez da. Aurreiritzi eta estereotipoen gainetik, Naizen elkarteak bide eta adierazpide eman die errealitate horri eta adingabe transexualen nahiz haien familien eskaerei.

 

Andres Urrutia

Sabino Arana Fundazioak Andres Urrutia aintzatetsi eta saritu nahi du, jakintza-arlo anitzetan, besteak beste, Zuzenbidean, Euskaltzaindian, letretan eta abarretan eginiko ibilbide profesional bikainagatik, eta horietan guztietan euskara sustatzen eta normalizatzen egindako ekarriagatik. Andres Urrutia notarioa da lanbidez, baita Deustuko Unibertsitateko irakasle eta Zuzenbidearen Euskal Akademiaren burua ere, eta sekulako lanak hartu ditu, batetik, euskal foru-zuzenbide zibilaren berezitasuna eta balioa aldezten eta, bestetik, euskara zabaltzen unibertsitatearen eta Zuzenbidearen esparruetan. Euskara hizkuntza juridiko gisa darabilten hainbat argitalpenen egilea da, eta literaturako lanen ekoizle emankorra ere bai, esaterako, euskarazko idazle klasikoen argitalpenetan. Andres Urrutia euskaltzainburuak euskal gizartearekin etengabe harremanetan dagoen Euskararen Akademia bizi eta dinamikoaren eredua sustatu du.

 

Saski Baskonia

Sabino Arana Fundazioak Saski Baskoniaren 60 urteko historia aintzatetsi eta saritu nahi du, bai eta gure herrialdean saskibaloia sustatzen eta Gasteiz zein Euskadi nazioarteko kirol-esparruan hedatzen eta munduan kokatzen egindako ekarpena ere. 1959an hasi zenetik, Saski Baskoniak egundoko ekarpena egin dio kirolari eta, bereziki, saskibaloiari lotutako kultura Euskadin sustatuz eta kirol horrekiko zaletasuna handia piztuz. Saski Baskoniak oinarrizko kirolarekin duen konpromiso irmoa -34 talde aritzen dira guztira saskibaloi-eskolan eta behe-mailako kategorietan- eta erabateko prestakuntzaren eta balioen aldeko apustu zintzoa Europako saskibaloian gaur egun erreferentziazkoa den Saski Baskonia taldearen oinarriak ditugu.

© 2013-2020 Sabino Arana Fundazioa