Webgune honetan gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu soilik zure bisita optimizatzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak euskarari eta immigrazioari buruzko gogoeta egiteko mintegia antolatu dute

JARDUNALDI IREKIA HEDABIDEENTZAT


astelehena, 2019.eko abenduak 9

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak euskarari eta immigrazioari  buruzko gogoeta egiteko mintegia antolatu dute

Euskara biziberritzeko prozesuak aurrera jarraitzen du gizartearen esparru guztietan, horietako bakoitzean, bateko edo besteko abiadan; beste alde batetik, jakina denez, beste herrialde batzuetatik etorritako milaka pertsona txertatu dira euskal gizartean azken urteotan eta horrek aldaketak eragin ditu hizkuntzen bizikidetza-esparruan. Ingurumari horretan, euskararen ikuspegitik, jakin izan dugu etorkinak euskarara hurbiltzen? Eta etorkinen ikuspegitik, zertarako balio die euskarak gurera datozenean?

 

Galdera horiei eta hizkuntzen arteko bizikidetzari batik bat, euskarari eragiten dioten alderdiez gogoeta egin eta esperientziak partekatzeko mintegia antolatu dute elkarlanean Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak. Mintegia abenduaren 12an egingo da, goizean, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan (atxikita doakizu egitaraua).

 

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Sabino Arana Fundazioaren lehendakari Juan Mª Atutxak jardunaldiari hasiera eman ostean, Lide Amilibiak, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiken sailburuordeak, esakiniko digu lehen hitzaldia. Bertan, “Migrazioari eta euskarari buruzko gizarte-akordioa” delakoari buruzko zenbait alderdi azalduko dizkigu. Mintegi honen koordinatzaile Erramun Osak, Euskaltzaindiaren idazkariorde eta euskaltzain urgazleak, hizlaria aurkeztu eta hitzaldiaren osteko galderen txanda moderatuko du.

 

Geroago, Beatriz Oterok, UPV/EHUko irakasle eta Ikuspegiko ikertzaileak eta Eguzki Urteagak, UPV/EHUko Soziologia irakasleak, “Immigrazioa Euskadin, gaur eta hamar urteren buruan” deritzon gaia jorratuko dute. Gotzon Loberak, zinpeko itzultzaile, euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiaren Sustapen Batzordeko kideak, aurkezle eta moderatzaile jardungo du.

 

Belen Urangak, Soziolinguistika Klusterreko kideak, “Gipuzkoako hizkuntzen mapa eta etorkizuneko erronkak” izeneko hitzaldia eskainiko digu. Iñaki Martínez de Luna, euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiaren Sustapen Batzordeko kidea, moderatzaile arituko da. 


Beste alde batetik, Xabier Aierdik immigrazioak euskarari eskaintzen dizkion aukerez eta euskarak immigrazioari eskaintzen dizkionez jardungo du. Jon Aizpurua, euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiaren Sustapen Batzordeko kidea, moderatzaile arituko da hitzaldiaren osteko eztabaidan. 

 

Geroago, “Immigranteen gizarteratze-prozesuaren ezaugarriak, hizkuntzaren aldetik. Nola eta zein baldintzetan euskaldunduko dira immigranteak?” izenburu orokorraren ildoan, ondoko hizlariek parte hartuko dute Ane Urizar (Mondragon Unibertsitatea), Biotza Piko eta Itziar Lafuente (Gasteizko Berritzegunea) eta Mario Zapata (Topaguneko teknikaria). Amaia Jauregizar, Euskaltzaindiaren EHHA egitasmoaren teknikaria, aurkezlea eta moderatzailea izango da.   

 

Jardunaldiaren amaieran, Julen Arangurenek, Zarauzko Udaleko Immigrazio eta Kultura aniztasunaren teknikariak, eta Gorka Morenok, UPV/EHUko irakasle eta Ikuspegiko ikertzaileak, hitzaldi bana eskainiko digute. Manu Gañan, Euskaltzaindiaren Idazkaritzako tenikaria, aurkezle eta moderatzaile arituko da.

 

Aurrekoez gain, berrogeita hamar bat hezkuntza-eragile, soziolinguista, unibertsitateko irakasle eta euskal kultura zein hizkuntzari lotutako hainbat esparrutako ordezkariek parte hartuko dute.
 

 
Comments (0) Number of views (1657)

Tags:

© 2013-2020 Sabino Arana Fundazioa