Webgune honetan gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu soilik zure bisita optimizatzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago

“Gerraren hondakinetatik Europako Etorkizunera.Schuman adierazpenaren 70. Urteurrena"

Europar Batasuneko Zuzenbideko adituek eztabaidatu dute gaur EBk datozen urteetako erronkei aurre egiteko berrikusi eta aldatu beharko dituen alderdiei buruz


asteazkena, 2020.eko irailak 30

“Gerraren hondakinetatik Europako Etorkizunera.Schuman adierazpenaren 70. Urteurrena"

Enrique Baron Europako Parlamentuko presidente ohi eta Europazale eta Federalisten Erakundeko (UEF-Espainia) presidenteak adierazi duenez, koronabirusaren krisiak “gaur-gaurko eta premiazko eztabaida politiko” bihurtu du Europaren etorkizunari buruzko Konferentzia (2020-2022).

 

“Banderarik eta aurpegirik gabeko nonahiko etsai honek dakartzan erronkak Europar Batasuneko estatu guztien eta herritar guztien erantzun bateratua behar du, elkartasunaren ildotik, Europaren eraikuntzaren funtsezko printzipioa baita elkartasuna”, azpimarratu du.

 

Baronek “Gerraren hondakinetatik Europaren etorkizunera. Schuman adierazpenaren 70. urteurrenean” izeneko mintegian parte hartu du gaur Bilbon. Europako Alderdi Demokratak (PDE-EDP) eta Sabino Arana Fundazioak antolatu dute gaurko jardunaldia, laster abiatuko den Europako etorkizunari buruzko Konferentziaren baitan.

 

Europako Parlamentuko presidente ohiaren ustez, “bada garaia etorkizuneko asmoa izan behar duen eztabaida finkatu eta hari ekiteko, eta eztabaida horretan indar politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalek eta gizarte zibilak ere parte hartu behar dute, herritarren eta, bereziki, gazteen bultzada etikorik onenak bultzatuta”.

 

Baronen aburuz, “hezkuntzak eta ikerketak funtsezko balio estrategikoa dute testuinguru honetan. Krisiari ondoen erantzun dioten herrialdeak ditugu bertako gazteria prestatzen baliabide eta ahalegin gehien erabili dituztenak”.

 

Hori dela eta, Enrique Baronen ustez, “Zorpetze masiboak esangura ematen dio etorkizuna prestatzeko erronkari”, eta “Robinson Crusoeren politikak, berreraikuntzakoak (birusak gehien kaltetutako jarduera eta pertsonentzako laguntzak), landu beharko genituzke eta, aldi berean, ekonomia birmoldatu eta modernizatzekoak, gazteen etorkizuna ez zapuzteko”.

 

Beste alde batetik, Euzkadi Buru Batzarrreko buru eta Europako Alderdi Demokratako presidenteorde Andoni Ortuzarrek gaur bermatu du EAJ-PNVk Diputatuen Kongresuan eta Senatuan “sen ona” erakutsiko duela, Covid-19aren pandemiak eragindako krisi honetan Batasuneko ekonomiak modernitzatzeko xedea duten Europako funtsak esleitzeko orduan, berak ezinbesteko jotzen duen zerbait. Ortuzarrek era berean ohartarazi du Next-Generation funts horiek instrumentalizatzeko arriskuaren inguruan,eta exijitu du funts horien kudeaketa ez dadila egin gaur egun Espainiako politikagintzan nagusi diren “borroka partidista eta elektoralistaren giroan”. Zentzu berean, jeltzaleen buruak konbentzituta esan du “Euskadi prest dagoela erronka horri heltzeko eta eragile dinamizatzaile izateko. Jarrera proaktiboarekin etalankidetza publiko-pribatuan oinarrituta, Euskadiko erakundeek proiektu berritzaileak aurkeztuko dituzte, eduki teknologiko handiarekin; proiektu disruptiboak izango dira etorkizuneko ekonomiarekiko, Europako plataformekin adostuak eta Europako Batzordeak ezarri dituen helburuak betetzeko” .

 

Mireia Zaratek, Sabino Arana Fundazioaren presidenteak, zinez uste du Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzia aukera paregabea dela “EB eraldatzeko eta gure garaiko erronkei erantzuteko”, eta azpimarratu du “egiaren ordua” dela, “ausartak izateko eta paradigmak aldatzeko ordua, iraganeko konponbideek ez digutelako gaur egun balio”.

 

Era berean, azpimarratu du “ezin dugula Europar Batasuneko politika zentraletan ahobatezkotasunaren eskakizunarekin jarraitu. Ekinbide hori anakronikoa da, europar proiektuari kalte egin eta barregarri uzteko arriskua duelako, orain dela gutxi Europar Batasunak Bielorrusiari ezarritako zigorren eremuan, Zipreren betoarekin ikusi dugun bezala”.

Halaber, Europako Parlamenturako nazioz gaindiko zerrendak onartzearen alde agertu da, “Estatu kideen errealitateak eta interesak gainditzeko eta Europako beharrezko “Demos” delakoa osatzeko.

“Eraldaketa-garai honetan, ekintzarik ezak gure amaiera dakar. Ez dugu alde batera utzi behar Europar Batasuna zatitzeko arriskua, gure proiektu erkidea desagerraraz dezakeena”, esan du Zaratek.

Beste alde batetik, István Sértö-Radics jaunak, EDPko idazkariorde nagusiak, lau gogoeta eskaini dizkigu bideoz grabaturiko hitzaldi batean. Lehenengoan adierazi duenez, “gaur egun, batasun sendoago baten eta estatu nazionalen sorta baten arteko bidegurutzean gaude; estatu horiek euren interesak aldezten dituzte eta komenitzat jotzen dituzten politikak bideratzen dituzte, hau da, Europa nahierara edo gogara antolatu nahi dute”. Bigarrenik, adierazi du koronabirusaren izurriteak eragindako krisi ekonomikoak “hauskortasunaren aurkako” Batasuna eraikitzeko beharra agerian jarri duela. Bere ustez, “Europak krisiari emandako erantzunak eta finantza-merkatuen egungo baretasunak erakusten dute Europar Batasuna bera “hauskortasunaren aurkakoa” dela eta krisiak iraun duen bitartean indartu egin dela”.

 

Hirugarrenik, azpimarratu du estatu kide askotan, oraindik ere herritarren konfiantza bereganatzen duen kargudun politikoetako bat alkatea dela, herritarrengandik hurbil dagoelako. Azkenik, azpimarratu du “eskualdeek eta hiriek eginkizun garrantzitsuagoa hartu behar dutela etorkizunean, bai Europan, bai munduan”.

 

Erronkak eta aukerak

 

Hitzaldien ondoko mahai-inguruan, “Europaren etorkizunari buruzko Konferentzia: EB berriro bultzatzeko erronkak eta aukerak” izendatutakoan, Guy Verhofstadt Belgikako lehen ministro ohi eta ALDEko buruzagi ohiak eta Laurence Farreng EDPko kide eta Europako Parlamentuko kideak bideo bidez grabaturiko hitzaldiak entzun ahal izan dira.

 

Verhofstadek deitoratu egin du Europar Batasunaren erantzunik eza hainbat gai garrantzitsuren aurrean, hala nola COVID-19aren krisia, migrazio-gertakariak eta gerra zein gatazketan esku hartzeko gaitasunik eza. Halaber, Ahobatezkotasun Araua indargabetzearen alde agertu da, “Ahobatezkotasun Arauak berak blokeatu egin dituelako Europar Batasunean hartu behar ziren erabaki batzuk”, adierazi du.

Bestetik, Laurence Farreng andreak, bera kide den RENEW talde politikoak Europaren etorkizunari buruzko Konferentzian parte hartzeko engaiamendua azpimarratu du, bi gai bereziki azpimarratuz: hezkuntza eta kultura.

Ondoren, Patxi Aldecoa Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Nazioarteko Harremanetako katedradun eta Europako Mugimenduaren Kontseilu Federaleko presidenteak Europaren etorkizunari buruzko Konferentzia abian jartzeko beharraz hitz egin du, areago, “Europako tratatuen erreformari ekiteko beharra”; izan ere, haren iritziz, “alde batetik, beharrezkoa da erakundeen pisua orekatzea, Europako herritarrak ordezkatzen dituenaren –hau da, Europako Parlamentuaren– mesedetan, eta, bestetik, eskumenak gehiagotu behar dira honako arlo hauetan: zerga-batasuna, banku-batasuna, gizarte-eredua, kanpo-politika, defentsa, migrazioak eta asiloa”.

 

Beatriz Pérez de las Heras Deustuko Unibertsitateko Europar Batasuneko Zuzenbideko katedradunak nabarmendu duenez, “EBk bere gobernantza demokratikoaren eredua berrasmatu behar du, Covid-19ak, Brexitek edo munduko testuinguru ezegonkor eta konplexuak sorrarazten dituen erronka larriei adimen kolektiboaren eta herritarren babesaren bidez erantzuteko xedez”. “Une honetan, Konferentziak jorratu beharreko erronka dela” esan du.

 

Mariola Urreak, Errioxako Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko irakasle titularrak, hauxe adierazi du: “Europar proiektuaren iraunkortasunak argi utzi behar du Batasunaren izaera, balio-sistema gisa, hazkunde ekonomikoa eta gizarte-ongizatea ahalbidetzen dituen segurtasun juridikoko ekosistema gisa, herritarren segurtasun pertsonala eta lurraldekoa bermatzeko gai den ingurune gisa, bai eta gobernu-sistema politiko sofistikatuagoa ere, hainbat boteregunetatik datozen legezkotasunak uztartzen dituen tresna gisa. Azken batean, globalizazioak ezartzen dituen erronketara egokitutako proiektua da, estatuentzat banaka galdu duten eragina berreskuratzeko helburua duena, berez, estatuek banan-banan ez baitute berriro izango lehengo eragina, elkarrekiko mendekotasuna nagusi den mundu honen baitan”.

 

Jose Felix Merladet, Euskadiko UEFko presidentea, eta Izaskun Bilbao Europako Parlamentuko kide  eta EEPko zuzendaritza-batzordeko kidea izan dira moderatzaileak.

 

Igor Filibi Eurobasqueko presidenteorde eta EHUko Nazioarteko Harremanetako irakasleak eman dio amaiera jardunaldiari.
 

Comments (0) Number of views (1504)

Tags:

© 2013-2021 Sabino Arana Fundazioa