Webgune honetan gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu soilik zure bisita optimizatzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago

Michel Camdessus, Txomin Bereciartua, Dolores Redondo, Juanjo Mena eta Ana Urquijo, 2018ko Sabino Arana Sarien hartzaileak

Datorren urtarrilaren 27an egingo du Sabino Arana Fundazioak kultura-ekitaldi honen hogeita hamargarren edizioa, eguerdiko 12etatik aurrera, Bilboko Arriaga antzokian.


osteguna, 2018.eko abenduak 20

Michel Camdessus, Txomin Bereciartua, Dolores Redondo,  Juanjo Mena eta Ana Urquijo,  2018ko Sabino Arana Sarien hartzaileak

Txomin Bereciartua abade eta gizarte- nahiz kultura-ekintzailea, Dolores Redondo idazlea, Juanjo Mena orkestra-zuzendaria, Ana Urquijo abokatua eta higiezinen jabetzako agentea eta Michel Camdessus ekonomialaria ditugu Sabino Arana Sarien 2018ko hartzaileak. Sariak banatzeko ekitaldia datorren urtarrilaren 27an egingo da, goizeko 12etatik aurrera, Bilboko Arriaga antzokian.

 

Sabino Arana Fundazioak ematen dituen Sabino Arana sarien XXX. edizioa izango da aurtengoa. Sariok urtero-urtero ematen dira euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzaren urteurrena dela eta. Sari horien bidez, Fundazioak aitortza egiten die gizarteari zerbitzu esanguratsua eskaintzeko gaitasun agerikoa erakusten duten pertsona, erakunde edo elkarteei.

 

Juan Mª Atutxak, Sabino Arana Fundazioko lehendakariak, eta Irune Zuluagak, erakundeko zuzendariak, aurkeztu dituzte hogeita hamargarren edizioko saridunak.

 

Biek adierazi dutenez, Sabino Arana Fundazioak Txomin Bereciartua abadearen eta Novia Salcedo Fundazioaren sortzaile eta ohorezko presidentearen ibilbidea eta lan-jardun oparo zein emankorra aintzatetsi eta saritu nahi ditu, hamaika gizarte-, kultura- eta hezkuntza-ekimenen bultzatzaile izan delako. 

 

Sari honen bidez, Sabino Arana Fundazioak “balioa eman nahi die Txominen ekinbide solidarioari eta gure herriko gizarte- eta kultura-erakundeekin hartutako konpromiso tinkoari, batik bat, gazteen prestakuntza eta sustapenari dagokienez. Izan ere, Txomin Bereciartuak gure gazteen laneratzea eta balioen inguruko heziketa bultzatu ditu aisialdiko jardueren bidez, hainbat hamarkadetan, aisialdiko elkarte batzuen sortzaile eta sustatzaile izan delarik”, azpimarratu dute Fundazioaren arduradunek.

 

Beste saridunetako bat egun Cintruenigon bizi den Donostiako idazle Dolores Redondo izango da. Dolores, besteak beste, ‘Baztango trilogia’ izeneko liburu-sailaren egilea da, hots, azken urteotan gaztelaniaz idatzi diren liburu arraskatsuenetakoen egilea.

 

Literaturako sari eta aintza ugari jaso ditu, milioika irakurle ditu munduan historian, liburu gehien saldu duen euskal idazlea da eta munduko bazter guztietako 30 argitaletxek baino gehiagok argitaratu dituzte donostiarraren lanak… Horregatik guztiagatik, Dolores Redondo literaturaren olinpoan dago gaur egun” nabarmendu dute Fundazioko kideek. Era berean, adierazi dute ´Baztango trilogia` Doloresen literaturako lan bikainenetakoa dugula, “irakurlea erakarri, liluratu, txunditu eta hunkitu egiten duen bitxia. Gainera, Baztan harana zabaldu du mundu osora eta mundu-mailako hedadura eman die euskal Pirinioetako xarmari eta bertako jendearen bihotzari”.

 

XXX. edizio honetan, Sabino Arana Fundazioak Juanjo Mena zuzendaria ere aintzatetsi eta saritu nahi du, “munduko orkestra ospetsuenak zuzentzen egindako lan bikainagatik eta, bidenabar, Gasteizen eta Euskadiren oihartzuna munduko agertoki garrantzitsuenetara eramateagatik”. 

 

Fundazioko kideek diotenez, “estimu handian dute gasteiztarra musika klasikoaren zaleek eta adituek. Juanjo Menaren ibilbide bikain eta egundoko gaitasunari esker, lehen urratsak Bilboko Orkestra Sinfonikoan egin zituen arabar kosmopolita honek munduko orkestra sinfoniko onenetako batzuk zuzendu ditu, hala nola, Berlingo Filarmonikoa, Milango Scala, edo BBCko Filarmonikoa. Batuta miresgarria eta, gainera, musikaren zabalkundearekin eta arteen nahiz kulturaren sustapenarekin engaiatua.

Ana Urquijo abokatuak eta higiezinen jabetzako agente Ana Urquijok ere Sabino Arana Fundazioaren aintzatespena eta saria jasoko ditu urtarrilaren 27an, “berdintasuneranzko bidean, hesiak apurtzen aurrendaria izan delako, bereziki, gizonezkoak oraindik ere nagusi diren arloetako zuzendaritzetan, besteak beste, kirolaren eta lan-munduaren esparruetan” adierazi dute fundaziokoek. 

 

“Anaren konpromisoari eta borondate irmoari esker, arinago beste emakumerik inoiz heldu ez zen lekura iritsi zen: lehen emakumea izan zen Athletic taldearen zuzendaritzan (1990), lehen presidenteordea, eta lehen mailako euskal talde baten (Athletic) presidentea, 2006. urtean. Era berean, lehen emakumea izan zen Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren zuzendaritza taldean, 1987an”. 

 

 Ana adibidetzat hartuta, Sabino Arana Fundazioak “aintzat hartu nahi ditu egunero-egunero kristalezko sabaia apurtzen duten emakume guztiak, eta haien eredua, eskarmentua eta konpromisoa eskaintzen dizkiote gizarte berdinkidearen auzolanari”.

 

Azkenik, Sabino Arana Fundazioak Michel Camdessus, “euskal herritar unibertsala eta, XX. mendearen azken herenean, munduko ekonomiaren eragile nagusietakoa, aintzatetsi eta saritu nahi du, garapen-eredu inklusiboaren aldeko ekarpenagatik”. Altxorreko zuzendari eta Frantziako Bankuko gobernadore izan zela, Europako ekonomiaren eta diruaren batasunean parte hartu zuen; geroago, Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari-kudeatzailea zela, eginkizun garrantzitsua izan zuen antzinako sobietar herrialdeak merkatu-ekonomiara igaro zitezen laguntzen. “Merkatuak darabilen oihanaren legearen aurrean, edozein prezioren trukeko mozkinak     handiagotzearen aurrean eta eredu neoliberal edo zentralizatuen aurrean, garapen-eredu inklusiboa aldezten du Camdessusek, eredu horrek pertsonen duintasuna eta gizarte-kohesioa bermatzen dituelako. Michel Baionan sortu da eta, aurreko guztiaz gain, erabat engaiatuta dago ingurune hurbilarekin eta gure herriarekin” adierazi dute Fundazioaren ordezkariek.
 

Comments (0) Number of views (1673)

Tags:

Gure komunikazioak jaso nahi badituzu (deialdiak, prentsa oharrak, iritzi artikuluak, etab.), Mezu@ harpidetu:


 

 

 

 

 

 

 

 

=============================================================================================================


HERMES ALDIZKARIA, 60. zenb. salgai

  Harpidetza online

  Erosteko, sakatu hemen

  handitu irudia

 

 

  •  

  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  • Erakunde hauen laguntzarekin:

  •                           

© 2013-2018 Sabino Arana Fundazioa