Webgune honetan gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu soilik zure bisita optimizatzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago

HISTORIA DE LOS VASCOS: Azken artikulua

Euskararen egoera jorratu du Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren azken ale bereziak

• Ale berezi honetan, EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza-politikako arduradun nagusien eta Eusko Legebiltzarreko ordezkarien ekarpenak jaso dira.


asteazkena, 2018.eko abenduak 5

Euskararen egoera jorratu du Hermes pentsamendu  eta historia aldizkariaren azken ale bereziak

Euskaltzaindiaren eta Sabino Arana Fundazioaren ekimenez eta Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza-politikako arduradun nagusien eskutik, “Euskararen erabileraren gakoak” izeneko mintegia egin zen uztailaren 12an, euskararen etorkizuneko erronkez jarduteko, batik bat, hizkuntzaren ezagutzaren eta erabileraren arteko bitarte handia orekatzeko ahaleginetan sakondurik. Izan ere, gero eta gehiago dira euskaraz dakiten hiztunak Euskal Herriko zazpi lurraldeetan, baina hizkuntzaren erabileraren joera ez da jakintzarenaren parean bilakatzen ari.

 

Lan-jardunaldi horretako ondorioetan eta euskal lurraldeetako erakunde- eta kultura-ordezkariek idatzitako artikuluetan funtsaturik, Sabino Arana Fundazioak argitaratzen duen Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren ale berezi bat (60. zenbakia) apailatu dute antolatzaileek.

 

Euskarari eskainitako ale horretan, ondokoen ekarpenak jaso dira: Bingen Zupiria, Ana Ollo, Jon Aizpurua, Mikel Arregi, Garbiñe Bereziartua, Beñat Muguruza, Jean-Baptiste Coyos, Ana Esther Furundarena, Laura Garrido, Joxerra Garzia, Iñaki Irazabalbeitia, Ibon Manterola, Iñaki Martínez de Luna, Lander Martínez, Idoia Mendia, Garbiñe Mendizabal, Mertxe Mujika, Inma Muñoa, Patxi Saez, Natxo Sorolla, Rebeka Ubera, Jon Zarate eta mintegiko zein ale berezi horretako koordinatzaile Erramun Osa. Aurrekoen testuez gain, Pedro Ontoso kazetariak Andres Urrutia euskaltzainburuari egindako elkarrizketa eta Ane Pikaza zein Txetxu Berruezoren lan grafikoak ere ageri dira aldizkarian.

 

Hermes aldizkariaren ale berezi honen aurkezpen-ekitaldian, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bingen Zupiriak, nabarmendu du Hermes aldizkariaren aburuz oso jakingarria dela euskararen inguruan gertatzen ari direnen berri ematea: “2018 urte berezia izan da euskararentzat eta euskal kulturarentzat. Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak mendeurrena bete dute, eta euskara batuak 50 urte bete ditu. Gainera, euskararen munduari atxikitako ekimenik handienetako batek blaitu gaitu aurten: Euskaraldia. Zinez eskertzekoa da Hermes aldizkariak gertakizun horien gainean erakutsitako jakingura, oro har, eta aldizkariaren sena hizkuntza-politikari zein euskarari lotutako gai orotan”.

 

Sabino Arana Fundazioko lehendakariak, Juan Mª Atutxak, Bingen Zupiriaren adierazpenei segida emanda, gogoratu du “Euskaraldiaren hamahirugarren egunean gaudela” eta Hermes aldizkariaren ale berezi honetan, euskararen erabileraren gakoez hausnartzeko ekarpena egiten dela. Ildo horretan, bi gogoeta egin ditu; bata, “euskarak batzen gaituela” azpimarratzeko eta, bestea, “azken egunotan egindako berebiziko ahaleginak argiro erakutsi digula oraindik ere bide luzea dugula aurretik” adierazteko.

 

Beste alde batetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak esan du ekintza zehatzen bidez bultzatu behar dela euskararen erabilera. Horren haritik, Hermes aldizkariaren ale berezi honek “hizkuntzaren erabilera sustatzeko bidea erakusten digula eta, bidenabar, hausnarketarako tokia ematen digula, Euskaltzaindiaren Jagon sailari dagokion bezala”.

 

Euskaltzaindiaren mendeurrenean, “oso poztekoa da hainbat jatorri eta pentsamoldetako eragileek euskararen inguruan elkartzea, euskararen akademiak beti adierazi baitu euskara denon ondarea dela” azpimarratu du Urrutiak.

 

Azkenik, nabarmendu du “Euskaltzaindia abiatu zenetik ehun urte eta euskara batua finkatu zenetik berrogeita hamar urte igaro diren arren, Euskaltzaindiak argi eta garbi dauka gizartea dela eragile nagusia hizkuntzaren auzian eta, horregatik, gizartearen zerbitzuko lan egin nahi du, oinarri sendoak eta gaur egungo bitartekoak baliatuz”.

 

Hermes aldizkariaren zuzendariak –José Antonio Rodríguez Ranz-ek-, bere aldetik, kolaboratzaileen kopurua (23) eta aniztasuna azpimarratu du: pentsaera desberdinetakoak, lurralde guztietakoak, erakundeetako ordezkariak, alderdi politikoetakoak, legebiltzarkideak, kultur eragileak, irakasleak, ikertzaileak, soziolinguistak, etab.
 

Comments (0) Number of views (17)

Tags:

Gure komunikazioak jaso nahi badituzu (deialdiak, prentsa oharrak, iritzi artikuluak, etab.), Mezu@ harpidetu:


 

 

 

 

 

 

 

 

=============================================================================================================


HERMES ALDIZKARIA, 60. zenb. salgai

  Harpidetza online

  Erosteko, sakatu hemen

  handitu irudia

 
  •  
  •  

  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  • Erakunde hauen laguntzarekin:

  •                           

© 2013-2018 Sabino Arana Fundazioa