Webgune honetan gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu soilik zure bisita optimizatzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago

HISTORIA DE LOS VASCOS: Azken artikulua

Euskal herritarrek eta katalanek Ebroko gudan askatasunaren aldeko borrokan aritu ziren guztiak omendu dituzte Pàndols mendilerroko 705 kotan (Tarragona)

• Oroimena berreskuratzeko Euskadi eta Kataluñako hainbat elkartek Egia komandantea eta II. Errepublikaren alde Katalunian bizia galdu zuten euskaldun guztiak omendu dituzte.


astelehena, 2018.eko urriak 15

Euskal herritarrek eta katalanek  Ebroko gudan askatasunaren aldeko borrokan aritu ziren guztiak omendu dituzte Pàndols mendilerroko 705 kotan (Tarragona)

Ekitaldia ondoko guztien lankidetzari esker antolatu da: Sabino Arana Fundazioa, Zabalkuntza Kultur Taldea, Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoa, Burdin Hesia Ugaon Elkartea, Euskal Prospekzio Taldea, Gerediaga Elkartea eta Gogora Institutua.

Senideek, erakundeetako ordezkariek eta oroimena berreskuratzeko Euskadiko nahiz Kataluniako elkarte eta antolakundeek parte hartu dute gaur eguerdian, Pàndols mendilerroko 705 kotan, Pinell de Brai herrian (Tarragona), Vicente Egia Sagardui komandante abertzalearen eta Ebroko gudan hil ziren euskal gudari eta miliziano guztien aldeko oroitzapenezko eta omenezko ekitaldian, horien guztiaren heriotzaren 80. urteurrenean.

Euskadin gerra galduta zegoela, Agirre lehendakariaren gobernuak gudari eta miliziano ugari mobilizatu zituen faxisten aurka borrokatzeko Kataluniako lurretan. Horietako bat izan genuen Vicente Egia gudaria, Kirikiño batailoiko komandantea eta, geroago, Errepublikako armadako 560. batailoiko komandantea, edo Gazte Sozialista Bateratuetako (gaztelaniaz, Juventudes Socialistas Unificadas, JSU) Dragones batailoiko euskal milizianoak, besteak beste, Gerardo Ruiz de la Cuesta, Bernardo Gómez de Segura eta Bernardo López Alzega arrasatearrak. Laurek ere Ebroko gudan galdu zuten bizia. Baliteke euskal herritar gehiago hil izan guda horretan, baina oraindik ere ez dakigu. Beharbada, izen gehiago agertuko dire hurrengo ikerlanetan. Nolanahi ere den, gaur Vicente Egia, Gerardo Ruiz de la Cuesta, Bernardo Gómez de Segura eta Bernardo López Alzegari egindako omenaldiaren ildoan, 1938. urtean lur horietan borrokan aritu eta bizia galdu zuten Euskadiko, Kataluniako eta Espainiako herritar guztiak ohoratu nahi izan dira.

Ekitaldian, oroitzapenezko plaka bat jarri eta lore-eskaintza egin da, Biberoiaren Kinta izenekoak Gerra Zibileko biktima guztien omenez altxatutako monumentuaren ondoan, eta bertan parte hartu du El Pinell de Brai udaleko alkate Eva Amposta andreak. Hasierako agurraren ostean, Terres Altes eskualdeko udalerri horretako udalburuak herrien arteko elkartasuna goraipatu du, hala nola euskaldunek eta katalanek Gerra Zibilean erakutsi zuten elkartasuna eta, Vicente Egiak bezala, Katalunian askatasunaren eta Errepublikaren alde borrokan ibili ziren gudarien eskuzabaltasuna azpimarratu du. 

Abandoko batzokiaren ordezkaritzan Egiak batzoki horretako zuzendaritzan jardun zuen, Bilboko Udaleko zinegotzi Koldo Narbaizak gogorarazi du Vicente Egia lako pertsona asko izan direla historian, etxea eta lanpostua utzi, familia atzean utzi… eta gerra, espetxe-zigorra eta bestelako zigorrak pairatu dituztenak. Gertaera horiek eta gaur egun Kataluniak daukan egoera erkatu ditu; izan ere, gaur egunean, ideologia jakin baten zioz, espetxe-zigorra eta erbestaldia nozitzen dutenak badira, norberaren interesengatik soilik jarduten duten pertsona batzuez osaturiko gizarte baten aldean. 

Geroago, Jokin Bildarratz senatariak oroimen historikoaren garrantziaren alde egin du. “Gaur egun ere badira oroimen hori aitortu nahi ez duten parlamentariak; ahaztu beharreko garaiak direla diote. Alabaina, gu bizi garen moduan bizi ahal izateko, dena eman duen horrenbeste jende egonda, azpimarratu beharreko kontua da”.

Beste alde batetik, esan du urria hilabete garrantzizkoa dela euskaldunontzat. “1936ko urriaren 7an, lehen Eusko Jaurlaritza eratu zen. 80 urte geroago, Gernikako estatutua osorik garatzeko zailtasunak ditugu. Lanean ari gara estatutu berriaren inguruan, baina ez dugu ezer lortuko herria garela onartzen ez den artean. Euskadi herri bat da”, adierazi du.

Olatz Basterretxearen trikitixak giroturik, parte-hartzaileek, lehenengoz eta bat, Mikel Laboaren “Txoria txori”, eta geroago, “Agur jaunak”, abestu dute; bien bitartean, omendutako gudari eta milizianoen senide eta lagunek oroitzapenezko plaka bat agerrarazi dute. Plakak euskaraz, katalanez, ingelesez eta gaztelaniaz idatzita dauka ondokoa: “Vicente Egia Sagardui euskal komandantearen heriotzaren 80. urteurrenean, Ebroko lur hauetan askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatu eta bizia galdu zuten gudari eta miliziar guztiei esker onez. Pàndols mendilerroko 705 kotan, 2018ko urriaren 14an”.

Iker Martín dantzariak ohorezko aurreskua dantzatu du eta, jarraian, lore-eskaintza egin da, “Lepoan hartu ta segi aurrera” abestiaren doinuaren arabera, abesti horrek adorea ematen baitigu eroritako laguna besoetan hartu eta aurrera jarraitzeko askatasunaren, autogobernuaren eta demokraziaren aldeko ekinean. 

Ekitaldiaren amaiera aldean, Vicente Egiaren loba batek, Garbiñe Gallastegik, eta biloba batek, Ander Egiak, eskerrak eman dizkiote Kataluniari “gerra sasoi hartan gurekin izan zuten tratu on eta maitasunagatik”.

Bigarrenik, eskerrak eman nahi izan dizkiote, urte asko igaro arren, “Ebroko gudan hil zirenak oraindik ere gogoratzen dituzuenoi”. Garbiñek “osaba Vicente” beren-beregi aipatu du, “oroitzapen gutxi izan arren, amak eta nebek esanda badakit gudari ona izan zela, baina are pertsona bikainagoa izan zela eta sekulako aztarna utzi zuela gugan”.

Sabino Arana Fundazioko zuzendari Irune Zuluagak gidatu duen omenaldi honetan, Vicente Egiaren beste senide batzuek ere parte hartu dute, hala nola Garbiñe Guerrero bilobak eta Anderren emazte Ainhoa Azumendik, bai eta oroimena berreskuratzeko elkarte batzuetako ordezkariek ere, besteak beste, Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoko zuzendari eta ikertzaile Aitor Miñambresek; Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko kide eta Burdin Hesia Ugaon Elkarteko kide Iñaki García Uribek; eta beste batzuek Bizkaiko Batzar Nagusietako Eusko Abertzaleak taldeko bozeroale Jon Andoni Atutxak; Iñaki Anasagasti senatari ohiak; edo Gerra Zibilean eta Bigarren Mundu Gerran faxismoaren aurkako borrokan aritutako gudari eta milizianoei erretratu asko eta asko egindako Mauro Saravia argazkilari eusko-txiletarrak.

Amaitzeko, handik hurreko Camposineseko oroimen-etxea bisitatu zuten, bertan hil baitzen Vicente Egia.

Comments (0) Number of views (452)

Tags:

Gure komunikazioak jaso nahi badituzu (deialdiak, prentsa oharrak, iritzi artikuluak, etab.), Mezu@ harpidetu:


 

 

 

 

 

 

 

 

=============================================================================================================


HERMES ALDIZKARIA, 59. zenb. salgai

  Harpidetza online

  Erosteko, sakatu hemen

  handitu irudia

 











    • Erakunde hauen laguntzarekin:

    •                           

    © 2013-2018 Sabino Arana Fundazioa